Baldintza-orriaren akats batek bost hilabetez atzeratuko du Salburuako Gizarte-Etxearen eraikuntza
- Published on Ostirala, 03 Abuztua 2012 12:44
- gasteiz
- 0 Comments
“Gizarte-etxearen balorazio ekonomikoan jaitsiera murrizteko lardaskeria horrek orain ekarriko du krisi egoera honetan onartezina den atzerapena”, esan du Belakortuk.
Gasteiz, 2012ko abuztuaren 3a. Bildu Gasteizek berriro salatu du, udal sozietate publikoetan behin baino gehiagotan egin duen modu berean, Salburuako Gizarte-Etxearen esleipenaren balorazioa mugatu izanak bost hilabetez atzeratuko duela ekipamendu horren eraikuntza.
Bai udal kontu-hartzaileak, bai koalizioko zinegotziek behin baino gehiagotan ohartarazi dute akats larri horrek oraingo abagune ekonomikoan dituen ondorioetaz. Antxon Belakortu zinegotziak adierazi duenez “Maroto alkateak saldu du gizarte-etxea egiteko baldintza-orri berria atera duela dirua aurrezteagatik, baina ezkutatu egiten du baldintza-orrian egindako akats horrek bost hilabetez atzeratuko duela ezinbestekoak diren lanpostuak sortzea. Hots, langabetu gehiago egongo dira Marotok ez dakielako diru publikoa kudeatzen”,. Belakortuk azaldu duenez, “Bilduk Amvisaren azken Kontseiluan lau aldiz salatu zuen baldintza-orriak gaizki eginda zeudela, baina ez PPk, ez PSEk, ez EAJk ez ziguten kasurik egin eta, beraz, dokumentu horien alde bozkatu zuten”.
Koalizioak eskatu du Zabalganako Gizarte-Etxeari dagokionez kontu hau aintzat har dadila, jaitsiera murriztea ezabatu dadila eta baldintza sozialak ezarri daitezela, aipatu jaitsiera eraikuntzako langileek ordaindu ez dezaten. Gainera, Bilduk afera honi buruzko azalpenak eskatuko ditu Ogasunaren hurrengo Batzordean.

Leave a Reply