Bilduk udal errolda tresna politiko bezala erabiltzeko PPren asmoa moztu du aurrera atera den mozio baten bitartez

BILDU GASTEIZ UDAL TALDEAK AURKEZTEN DUEN MOZIOA, UDAL ERROLDARI BURUZKOA

Udal errolda, udalerriko bizilagunen erregistro administratiboa da. Datu horiek udalerrian bizi direla erakusten dute, baita beraien ohiko bizilekua zein den ere. Erroldaren inguruko formazioa, mantenua eta zainketa udalei dagozkie.

Ohikoa da administrazio ezberdinekin tramiteetan udal erroldari eskatzea. Gasteizko bizilagunek errolda bulegotik pasa beharko dute zenbait eskaera kudeatzeko, esaterako osasun txartela egiteko, NANa berritzerakoan bizileku aldaketa eman bada, Lanbiden edozein laguntza eskatzerakoan, Eusko Jaurlaritzaren edozein diru-laguntza eskatzeko edota eskola batean matrikulatu ahal izateko. Honetaz guztiaz gain, hauteskunde ezberdinetan bozkatzeko eskubidea duten pertsonen dokumentua ere erroldatik egiten da.

Pasa den legegintzaldian, errolda, Informazio Teknologien sailaren menpe zegoen. Egun, errolda unitatea Gizarte Politiken Sailari dagokio, hala ere, hor egiten den lana aipatutako sailak dituen eskumenetatik haratago doa.
Legealdiaren hasieratik Alderdi Popularraren Gobernuak gizarte arloko murrizketa politikari ekin dio, iruzurraren kontrako borroka gisa mozorrotuta. Horretarako inolako lotsarik gabe erroldaren informazioa oso modu okerrean erabili du hainbat gizarte kolektibok burutzen omen duten iruzur masiboari buruzko bere teoria frogatzearren, Hortaz, izaera administratibo hutsa daukan errolda Alderdi Popularraren eskuetan gizarte murrizketak egiteko zein Gasteizko gizarteko sektore ahulenak kriminalizatzeko tresna politikoa bilakatu da.
Beraz, eta tresna administratibo hutsa den erroldaren neutraltasuna berreskuratzearren, eta nahiz-eta badakigun udal antolakuntza Gobernu Batzordearen eskumena dela, Bilduk proposatzen du Erroldaren Unitatea Gizarte Zerbitzuetatik ateratzea eta lehen zeukan kokapenera itzultzea, hauxe delako lehen urratsa Alderdi Popularrak legealdiaren hasieratik tresna horren inguruan egin duen erabilera maltzurra zuzentzeko.

Azaldutako guztia dela eta, Bildu Gasteiz Udal Taldeak, udalbatzan onar dadin honako mozioa aurkezten du:

Lehenengoa.- Gasteizko Udalbatzak udal gobernuari eskatzen dio errolda unitatearen ezaugarriak kontuan izan eta errolda zerbitzua berriro ere Informazioa eta Teknologien Sailera eraman dezala.

Bigarrena.- Gasteizko Udalbatzak udal gobernuari eskatzen dio egun errolda unitatearen baliabide ekonomiko, materiak eta humanoak mantendu ditzala.